XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gipuzkoan, eskura ditugun datuak askoz ere gutxiago badira ere, daudenek adierazten dutenez, eskabetxe fabrikek ere gehitzeko joera erakusten zuten. Alabaina, geroxeago ikusiko dugunez, lurralde honetan eskabetxeak ez du izango Bizkaian lortu zuen garrantzirik.

Adibidez, Mutrikun, jakin badakigu XIX. mendearen erdialdera bazegoela eskabetxe fabrikaren bat edo beste, garai hartan kofradiak jada zituen bi fabrikez gain. Eta badakigu jakin, 1895ean sei-zortzi bat lantegi zeudela. Hondarribian, 1818 eta 1847 urteetako datuek eskabetxe fabrika bat aipatzen dute, baina industriari buruzko 1862. urteko estatistikan bost eskabetxe fabrika aipatzen dira.

1 taula: Bizkaiko arrain kontserba eta eskabetxe fabriken gutxi gora-beherako kopurua (c. 1845-c. 1885): Bermeo - Lekeitio - Ondarroa - Mundaka - Elantxobe - Natxitua/Ea - Santurtzi - Portugalete - BIZKAIA GUZTIRA

Iturria: circa 1845, MADOZ, P.: Diccionario geográfico..., 380. orria; 1849-50 BJAO, Arrantza, 2 erregistroa, 1 paper-sorta, 1 zk.a; 1861, BJAO, Arrantza, 3 erregistroa, 1 paper-sorta, 7 zk.a; circa 1885, AZCARRAGA, M.: Historia general del Vizcaya escrita por Don Juan Ramón de Iturriza y Zabala en Munitibar, año de 1787. Corregida y considerablemente aumentada con la narración descriptiva de todas las industrias, ferro-carriles, minas, aumento de población y demás transformaciones e innovaciones introducidas en todos los ramos de su administración durante el presente siglo, hasta principios del año 1885, Cipriano Lucenaren inprimategia, Bilbo. 201., 702-703., 755. eta 867. orriak.

2.1. Zenbait ohar labur arrain kontserben industri berriaren jatorriaz

1795. urtean, Frantziako Direktorioak sari bat eskaini zuen elikagai freskoen jatorrizko ezaugarriak luzaroan gordetzeko kontserba metodoren bat aurkitzen zuenarentzat. Nicolas Appert-ek, ondoriorik gabeko makina bat saio egin ondoren, elikagaiak gordetzeko sistema bat asmatu zuen 1809. urtean: janaria kristalezko potoetan egostea eta oraindik bero zegoen bitartean potoak ixtea.

Joseph Colinek perfekzionatu zituen Appert-en teknikak, elikagaiak aldez aurretik esterilizatuz. Appert-en teknikari egindako hobekuntza hauekin izugarri handitu ziren erraz usteltzeko jakiak probetxatzeko aukerak, eta jakina horien artean arraina kontserbatzekoak. Teknika berri hauen ildotik sortuko den arrain kontserben industria berria, hein batean, upeletan gatza emanda jarritako arrain eta eskabetxearen betiko industriaren jarraitzailea da (lehengaia, izatez, bera da eta sarri askotan enpresariak ere lehengoak dira), baina, egia esan, bazen desberdintasun nabarmen bat.

Kontserba berriak materia (olioa, latorrizko eta eztainuzko ontziak, eta abar) eta teknika desberdinak eskatzen zituen, eta horrela lortutako emaitzak abantaila nabarmenak eskaintzen zituen teknika tradizionalekin egindako kontserbekin alderatuz. Abantaila horien artean batzuk aipatzekotan, arraina hobeto eta denbora gehiagorako kontserbatzen dela eta kontserba maneiatzea eta garraiatzea askoz ere errazago dela aipatu beharko genituzke. Horrekin guztiarekin, arrain kontserbari merkatu berrietara iristeko aukera eman zitzaion.

Nazioarte mailara itzuliz, esan behar da, arrain kontserben industria modernoaren jatorria Frantzia dela. Lehen arrain fabrikak 1825. urte aldera hasi baziren ere, sektore honek ez zuen mendearen erdi aldera arte behin betiko jauzirik eman. Eta jauzi hori, hain zuzen, oliotan jarritako sardinaren kontserbarekin eman zen.

Horrekin, garai hartan kontserba eskaintza berri honek ia mundu osoko produkzioa monopolizatu zuen. Frantzia da aurrena, beraz, eta ondoren datoz Estatu Batuak bezalako herrialdeak eta jada aipatu mendearen larogeiko hamarkadan, Portugal, Espainia eta Noruega agertu ziren.

Alabaina, XIX. mendearen azken laurdenekoaren hasieran, frantsesen esku zegoen oraindik arrain kontserbaren nagusitasuna. XX. mendearen hasieran, ordea, Estatu Batuak agertu ziren jaun eta jabe eta, Europan, Portugal eta Espainia Frantziaren esportazio neurrietara iristen dira larri-larri, eta aipatu mende horretako lehenengo hamarkadan jada argi eta garbi aurrea hartu zioten aitzindari izan zen herrialde horri.

Espainian, beste produkzio maila batzuetan gertatzen zen bezala, finkatzea lortu aurretik, urte asko igaro ziren esperimentazioetan: 1828. urtetik, hau da, ezagutzen den lehen kontserba fabrika ireki zenetik, 1880. urtearen inguruetara arte. Lehen kontserba fabrikak Asturiasen (1828) eta Coruñan (1836) ireki ziren eta ondorengo hamarkadetan, 50 eta 60ko hamarkadetan, Kantabria eta Euskal Herriko arrain fabrika berriak sortzen hasi ziren.

Lehen urratsetan, fabrika horietako gehienen ezaugarriak honakoak ziren: eraikin txikiak eta espezializaziorik gabekoak. Hala, fabrika horietan ohiz arrainarekin batera beste elikagai batzuk ere kontserbatzen ziren, eta sardina, atuna eta oliotako beste arrain edota saltsekin batera, haragi eta barazki kontserbak ere egiten ziren itsas armadarako, itsas ontzi partikularretarako edota kolonietako merkatu babestuetarako.

Epealdi luze honetan zehar sektore honek izan zuen hazkunde txikiaren arrazoiak, Carmonaren esanetan, eta arrantza eskualde bakoitzean ematen ziren bereizitasunak alde batera utziz, honako arazo honetan kokatu behar dira: olioa eta latorria lortzeko zailtasuna, berebiziko garrantzia duten bi lehengai hauek erregulartasunez eta prezio egokietan erosteko zailtasunak handiak baitziren.

2.2. Euskal Herriko lehen kontserba fabrikak